PROIEKTUAREN HASIERA
Lan Modularrari hasiera emateko asmoz, urtarrilaren 31n gelakideekin batera Tabakalerara joan ginen jarduera bat egitera. Saioa hiru zatitan banatu zuten.
Lehenik, gela batean bildu ginen denok, eta bertan artearen eta hezkuntzaren arteko uztarketa egon daitekeela adierazi ziguten. Horretarako, hainbat egoera ezberdin aurkeztu zizkiguten geure ikuspegia zabaltzeko asmoz.
Bigarren zatian, inspirazioa guregan pizteko helburuz, arte garaikideko erakusketa bat ikusi genuen. Hasieran, nahiko galduak sentitu ginen, ez baikenuen loturarik ikusten Lan Modularrean burutu behar genuenarekin. Izan ere, hasiera batean erakusketak aniztasunarekin edota inklusioarekin zerikusia izan beharrean, artearekiko erlazio zuzena zuela iruditu zitzaigun. Bertako artistak egoera ikusi eta erakusketaren historia, errepresentazioen zergatia eta helburua zehatzago azaltzea erabaki zuen. Hori horrela, erakusketa zertxobait gehiago ulertzea lortu genuen, nahiz eta gure lana burutzeko ekarpen handirik ez jaso.
Amaitzeko, Lan Modularreko taldetan jarri eta gure proiektuari hasiera eman genion. Bakoitzak gure haurtzaroko argazki bat aukeratu eta argazki horren deskribapen labur bat egin genuen, bertan ikusten eta sentitzen genuena adieraziz; ondoren taldekideei azaltzeko. Bakoitzak bere argazkia erakutsi eta azaldu ostean, atentzioa eman zigun argazkiak erabat ezberdinak izan arren, ideia eta emozio komun ugari deskribatzen genituela, hala nola, familia, lagunak, oroitzapenak, haurtzaroa, emozioak, natura, aisialdia...
Behin hori burututa, Tabakalerako artistak gure proiektuan egin genezakeenaren inguruan hainbat proposamen azaldu zizkigun.
Esan beharra dugu Tabakalerako lehenengo bisita hori ez zela guk espero genuen bezalakoa izan, bertan egindako jarduerek ez zutelako aniztasunarekin zerikusi handirik. Hala ere, burutu beharreko azken proiektuarekin ikusi genezake hainbat modu daudela bai istorio bat kontatzeko eta baita interpretatzeko ere eta hori bakoitzaren nortasun, izaera eta bizi esperientziaren araberakoa izango da.