TEORIA PRAKTIKAN JARRI
Esan bezala, Tabakalerako proiektuari amaiera emateko narratiba digital bat sortzeko eskatu ziguten eta horretarako, taldekide bakoitzaren argazkiak genituen oinarri gisa. Beraz, hirugarren saio honetan unibertsitatean elkartu ginen gure proiektua diseinatzen bukatu eta grabatzeko.
Gure kasuan, haurtzaroko argazkiak pilatuz, istorioa emozioen esparrura eramatea erabaki genuen. Horretarako, emozio ezberdinak, argazki ezberdinekin bereiziz, bakoitzari guk sorturiko olerki bat esleitu genion.
Emozioak errepresentatzeko, taldekide bakoitzaren gorputzean poema bati egokituriko argazkiak ipini genituen, eta bideoa grabatzeari ekin genion. Bideoa grabatzeko, taldekide bakoitza grabatu genuen, gorputzeko argazkiak banan-banan enfokatuz. Grabaketa egin ondoren, bideoari geure ahotsa gehitu genion.
Hona hemen guk sorturiko eta bideoa egiteko aukeraturiko olerkiak :
LAGUNTASUNA
Laguntasunaren erregin eta errege.
Segurtasunaren zaintzaile,
zirrararen jarraitzaile
eta adorearen igorle.
Zalantzen eta kezken uxatzaile,
entzuna izatearen emozioan, sustatzaile.
Erortzean, eskua eskainiko didan ondare,
nire pausoak txalotu eta sentiaraziko nauena garaile.
Isiluneen ulertzaile eta jabe,
Zarete nire maitale, jarraitzaile eta familiako parte.
ILUSIOA
Handitzean txikitzen joaten dena
Txikitan handia dena
Tximeletak sabelean
gorputzean dardara
arpegian algara
Momentua iristeko gogoa barra-barra
Baina behin joanda berriro izateko desira,
ilusioa.
TRISTURA
Tristura da nire arpegian nabarmen
Galdu dut poztasuna Amsterdamen
Utzi dut nire gogoa hemen
Eta malkoak dira antzematen
"masailatik" bera jaisten
Jada ez dut alaitasunean sinisten.
FAMILIA
Bertan nengoen, baina ez nintzen ageri.
Ilusio, amets besterik ez nintzela,
Jada sortuak nituen irri ugari.
Itxarote luze izan arren,
Elkartu ginen, iritsi nintzen zuenera,
momentu berean nirea ere egin zena.
Begirada guztiak nireak ziren,
Denak alai, pozik
Tarteka ere ageri ziren malko lotsatiak,
Negar alaiak.
Eta bertan nire lehenengo irri txikia,
Zuentzat.
Egin dugu, sortu dugu
Irriz eta negarrez beteriko bizi berria.
Benetan zarete zoragarria
Ene FAMILIA.