BLOGAREN ITXIERA
Lauhileko honetan aniztasuna izan dugu guztiaren ardatz; aniztasuna eta eskola, hain zuzen ere. Aniztasunarekiko dugun ikuspuntua zabaltzeko eta aberasteko helburuarekin, klasean egindako lan eta azalpenez gain, hitzaldi, aurkezpen edota tailer ezberdinetan hartu dugu parte, eta horiek guztiak, gure egungo errealitateaz jabetzeko eta aniztasunaren inguruko zenbait aldagai argitzeko balio izan digute.
Gai honi hasiera emateko, aniztasunaren definizio bat azaltzeko eskatu ziguten, eta orduan konturatu ginen, gure egunerokotasunean erabiltzen dugun hitza izan arren definitzen kosta zitzaigula. Gaur egun mundu zeharo anitzean bizi garela argi dugu eta gure gizarteko errealitate dela aniztasuna. Aniztasuna gure gorputzetan, arrazan, kognizioan, pentsamenduan, izateko eran, sexuan, hizkuntzan... islatzen da. Pertsona guztiak ezberdinak gara; hau da, norbera bakarra da eta, hortaz, bakoitzaren beharrak ere ezberdinak dira. Horregatik, ezinbestekoa izango dugu elkarrekin hazten eta hezten ikastea.
Hori horrela, gure ibilbidearen laburpen txiki bat egingo dugu; irakasgai zein jardunaldietan guretzat esanguratsuena izan dena azalduz. Orokorrean lagungarriak iruditu zaizkigu, egungo gizartearen inguruan hausnartzera bideratu gaituelako eta aniztasuna ulertzeko ikuspuntu ezberdinak garatu ditugulako.
Lan Modularrari hasiera emateko asmoz, Tabakalerara joan ginen eta bertan artearen eta hezkuntzaren arteko uztarketa egon daitekeela adierazi ziguten. Horretarako, hainbat saio burutu genituen eta horiek gure narratiba digitalaren nondik norakoa ulertzeko ezinbestekoak izan ziren.
Hitzaldi interesgarri eta ezberdinak izan ditugu, aniztasuna landu ahal izateko. Lehenik eta behin, Zegamako Aitxuri Herri Eskolako Haur Hezkuntzako irakaslea den Ainhoa de Juan Goikoetxearen hitzaldia izan genuen. Ainhoak bere lan mundu eta ibilbide akademikoari buruz hitz egin zigun. Oso esanguratsua egin zitzaigun honelako hitzaldi bat izatea, izan ere, errealitatearekin egin genuen topo eta, aberasgarria izan da gugandik hain gertu dagoen norbaiten esperientzia entzutea, gure etorkizunarekin bat etor daiteke eta.
Ondoren, Pausoka Elkarteko kide bat, Maiteder, etorri zitzaigun hitzaldi bat ematera. Maitederren bizi esperientziak asko hunkitu gintuen, egun bizi dugun errealitatea islatzen baitu. Bere semeak aniztasun funtzionala du eta eskola arruntean eskolaratzeko izandako arazoak kontatu zizkigun. Guzti horrekin, argi geratu zitzaigun irakasle izango garen heinean gure jarrera funtsezkoa dela zailtasunak dituzten haurren inklusioa bermatzeko.
Lauhileko honetan izan ditugun irakasgaietan ere aniztasuna landu dugu. "Gizarte eta kultura ingurunearen ezagutza" irakasgaian, norbere izatearen eta estereotipoen inguruan jardun genuen. Estereotipoei dagokienean, argi dago gure gizartean finkatuak daudela, hau da, neska zein mutilen gorputz eta janzteko erak, besteak beste. Horien inguruan hausnartzeko aukera izan genuen, eta aldizkarietako zenbait azal izan genituen adibidetzat. Finean, norberak bere gorputz, izate, izaera edota estiloak ditu, eta onartuak zein errespetatuak izan behar dira.
"Haur Hezkuntzaren hizkuntzaren didaktikaren oinarriak testuinguru eleanitzetan" irakasgaian, aniztasuna Haur Hezkuntzan lantzeko tresnak ezagutu ditugu: ipuinak. Ipuin mota ezberdinak ikusi ditugu, gai ezberdinak lantzen dituztenak: familia motak, transexualitatea, aniztasun funtzionala, rol ezberdinak, etab. Horretaz gain, ipuinek ere enpatia eta elkarren arteko errespetua bezalako baloreak lantzeko aukerak ematen dituzte.
Bestalde, gure etorkizuneko profesioan kontuan izan beharreko bi faktore garrantzitsu ere landu ditugu, hizkuntza aniztasuna eta euskara. Gai horretan sakontzeko asmoz, Kike Amonarriz izan genuen gurekin euskararen, linguistikaren, hizkuntzaren, hezkuntzaren eta komunikazioaren inguruan solasean. Hitzaldian zehar, berak burututako hainbat ikerketen ondorio eta esperientziak kontatu zizkigun, hainbat anekdotekin batera. Hitzaldi honi esker, euskararen jatorria, borroka eta oinarriak ezagutzea funtsezkoa dela ondorioztatu genuen, gure hizkuntza, izate eta kulturari tinko eusteko eta aurrera jarraitzeko, honela, hizkuntza txikiak gal ez daitezen.
"Eskola inklusiboaren oinarriak" irakasgaian, hausnartzera bideratu gaituzten artikulu ezberdinak irakurri eta dokumental eta filmak landu ditugu. Egindako guztiarekin, argi geratu zaigu aniztasunari erantzuna emateko eskola inklusibo bat sortzea ezinbestekoa izango dela. Azken finean, integrazioak haur guztiak gela berdinean egotea ahalbidetzen du, baina hori ez da nahikoa aniztasunari aurre egiteko.
Azkenik, "Informazioa eta Komunikazio Teknologiak" irakasgaian, teknologiak geure bizitzan duen eraginaz aritu gara, baita horiek Haur Hezkuntzan nola erabili ere. Irakasgai honetan, moduluko lanerako erabilgarriak izan diren tresna eta estrategia ezberdinak landu ditugu. Horretaz gain, hainbat adibide ezberdin ikusi ditugu, eta honi esker, gure moduluko lana norantz bideratu erabaki dugu.
Lauhileko osoan zehar izan ditugun hitzaldi guztiei esker eta landutako guztiaz hausnartu ondoren, argi geratu zaigu eskolan inklusioari eta aniztasunari eman behar diogun garrantzia izugarria dela.
Horretaz gain, aipatutako gai guztiek eragina izan dute gure moduluko lana garatzeko orduan. Oraingo egoera medio, zailtasunak izan ditugu gure narratibaren prozesuari dagokionez, ez baita berdina gure artean elkartzeko aukerak izatea edo bakoitzak bere etxetik egin behar izatea. Horrek asko blokeatu gintuen, baina hala ere, gure artean hitz eginez aurrera atera ahal izan genuen. Bideoari dagokionez, etxean ditugun baliabideekin moldatu behar izan gara, gure irudimena erabiliz.
Gure lanaren helburua doluak daukan garrantzia azpimarratzea, eta maite dugun zerbait edo norbait galtzean izango ditugun emozio ezberdinez jabetzea da. Haur Hezkuntzan landu beharreko gai bat dela pentsatzen dugu, edozeinek izan dezakelako galeraren bat bere bizitzan.